XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Agirreren ohiturazko eleberriak herriko jendez beteak daude, baserritarrez eta arrantzalez jendeztatuak, euskaraz mintzatzen diren talde sozial bakarrez moldatuak ia.

Baina herri hau osatzen duen gizataldearen hezur-haragiek ematen duten itxuratze-moduaz desjabeturik igaroko dira fikziora.

Izan ere, herri honetako gizakiak diren-direnean eraman ordez, izan beharko luketena eraman bait du eleberrietara; gizakiak deskribatzera ez, baina tesiak ezartzera zuzendu bait da: alegia, talde soziologiko horrek euskaldunaren jokabideen paradigmatzat jotzen duen jokatze-modua azaltzera, euskaldunaren nortasun-agiria erakustera.

Pertsonaia hauen biziguneak eta bizimodua eraman ditu eleberrietara; baina bizigune eta bizimodu hauek sortutako kezka, neke, estuasun, larrialdi, egonezin, poz, negar eta abarrik gabe igaro dira fikziora.

Gehienez ere, esan egiten da horrelako zerbait badela giro horietan, baina ez erakutsi.

Beste elementu batzuk beteko dute kontaketak irauten duen denbora: ohiturazko koadroak, ipuin-kontaketak, kontalariaren prosa diskurtsiboak... Elementu hauek berbaldi-xahutzaile bihurtzen dira eta ez dute lekurik uzten gizabanakoak bizigune hauetan daraman bizimoduak sortzen dizkion sentimenduak testuratzeko.

Lekugune horiei darien bizitza garratza ez da, ez gatazka-iturri, ez histori iturri bihurtzen.

Izan ere, azken finean Agirreren eleberrietan ez dago baserritar edo arrantzale banakoaren abenturarik, ez historiarik; histori itxurak baizik.

Abenturarako deia jasoaz bat, isilune bihurtzen da dei horrek ireki zezakeen prozesua, harik eta abenturari amaiera heltzen zaion arte.

Ez da berbaldi bihurtzen nola garatu den abentura hori, nola bizi izan duen pertsonaiak historia hori.

Zerbait kontatu ahal izateko, abenturarako deia jasotzen duen pertsonaiaren bat behar du kontalariak, egunerokotasunaren oreka-giroa utzi eta zerbait amets izango duen pertsonaia (dirua, demak, maitasuna, ezkontza...).

Behin oreka-giroa utziz gero biziko duen desoreka-giroak ez du narratibitaterik sortzen, ez da garatzen desoreka-giro hori.

Esan egiten da desoreka-giroan bizi dela, baina ez erakutsi.

Oreka berri baterako iraganbidea arrakastak edo porrotak markatuko du.

Arrakasta edo porrota aurrez determinaturik dago.

Desoreka-giro horretan dagoen pertsonaiaren ametsaren izaera-moduak eta amets horren aurrean hartu duen jarrerak determinatuko du.

Agirreren eleberrietako munduak egonkortasuna hobesten du eta aldakortasuna gaitzesten.

Denboraren igarotzeak, igarotze honetan barrena bizi izandako zirkunstantziek eta egindako gogoetek ez dute aldaketarik sortzen pertsonaien izaeran, salbuespen batean ez bada.